Lanbide enpleguko zerbitzu publikoa apirilean hasiko da iraupen luzeko langabeei jakinarazten zer profesional egokitu zaien tutoretza eta laguntza lanak egiteko, bere enplegagarritasuna hobetze aldera. Prozesua plangintza progresibo baten barruan kokatzen da, eta irailean enplegu eskatzaile guztietara helduko da, langabezian egon ala ez, Lanbidetik jakinarazi dutenez.

Eusko Legebiltzarrak 2023k abenduan onartu zuen Enpleguko Euskal Legea ekainaren 26an sartuko da indarrean. Legeak ezartzen du Lanbiden izena ematen duten eta hala eskatzen duten guztiek eskubidea dutela enplegagarritasunari buruzko diagnostiko pertsonala jasotzeko, eta langabezian daudenek automatikoki jasoko dutela, baldin eta aurreko hemezortzi hilabeteetan plan hori ez badute. Halaber, legeak aurreikusten du diagnostikoa berrikusi beharko dela pertsona baten langabezi aldia 12 hilabetez luzatzen bada.

Diagnostiko hori abiapuntu izanda, Enpleguko Euskal Legeak plan integratu eta pertsonalizatu bat bermatzen du. Planak bi urteko indarraldia izango du eta urtero berrikusiko da. Horretarako, Lanbidek bermatuko ditu, alde batetik, adosten diren zerbitzuak eta jarduerak, eta, bestetik, interesdunak prozesu osoan zehar izango duela Lanbideko profesionalaren laguntza (hasieratik esleitu zaiona edo erabiltzaileak erabaki duen erreferentziazko profesionala).

Aurreikusi da prozesu hori abiatzea legea indarrean sartu eta bi hilabetera, eta horretarako, Lanbiden izena emanda dauden pertsonei erreferentziazko profesional bat esleituko eta jakinaraziko zaie, baina prozesua hasi baino lehenago ere arreta emango zaie langabe gisa inskribatuta daudenei, eta lehentasuna izango dute profilik ez dutenek edo profila duela urte eta erdi baino lehenago jaso zutenek, antzinatasun handienetik hasita.

Horrela, apiriletik aurrera, Lanbidek SMS bidez jakinaraziko die herritarrei zein den norberaren erreferentziazko profesionala (langabezian duten antzinatasunaren arabera), eta banakako planak diseinatzen hasiko da. Irailean, lana eskatzen duten pertsona guztiek jasoko dute aipatu jakinarazpena, hau da, 310.000 pertsonak baino gehiagok; horietatik, 110.000 pertsona baino gehiago daude langabezian, eta horien artean, 51.037 pertsonek urtebete baino gehiago daramate langabezian, eta 2.901 gaztek sei hilabete baino gehiago.