Sancho el Sabio Vital Fundazioak euskal gaiei buruzko ikerketarako unibertsitate lehiaketaren beste edizio bat jarri du martxan. Master eta doktoregoko ikasleei zuzendutako ekimena da eta euskal gaiei buruzko ikerketa eta fundazioaren funtsen erabilera sustatzea du helburu. Lanak uztailaren 31ra arte entrega daitezke, eta onenak 1.000 euroko saria jasoko du eta erakundearen aldizkarian argitaratuko da.

Sancho el Sabio Fundazioa euskal kulturari buruzko dokumentazio zentro garrantzitsuenetakoa da eta Euskal Herriaren memoria bibliografikoa eta dokumentala gordetzen ditu, bere historiaren eta aniztasun ideologikoaren bitartez. Bere liburutegiak, 1964tik, dokumentu funts baliotsua dauka, eta monografiak, aldizkako argitalpenak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak edo familia dokumentazioa aurki daitezke bertan. Materiala kontsultatzea, gainera, erabat informatizatuta dago.

Funts horien erabilera eta hedapena sustatzeko asmoz, Sancho el Sabio Vital Fundazioak euskal gaiei buruzko ikerketarako unibertsitate lehiaketa egin du 1998tik, etenik gabe. Master eta doktoregoko programetan matrikulatutako unibertsitate ikasleek har dezakete parte, baldin eta euskal gaiei buruzko ikerlan original eta argitaragabeak egin badituzte edozein esparru edo alderditan. Gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez edo ingelesez idatzita egon daitezke eta gehienez 25 orrialde izan ditzakete.

Lehiaketara aurkeztutako ikerketa burutzeko, ezinbestekoa da Sancho el Sabio Fundazioaren funts dokumentalak, bibliografikoak, hemerografikoak edo beste edozein motatakoak erabili izana. Egilea ikasle duen ikastetxeko irakasle batek bermatu beharko du lana, eta lan hori Sancho el Sabio Fundazion aurkeztu beharko da, eskura, postaz (Sancho el Sabio Fundazioa. Betoñuko Atea, 23 - 01013 Vitoria- Gasteiz) edo posta elektroniko bidez (fs-inf@sanchoelsabio.eus), uztailaren 31ko 13:30 baino lehen.

Epaimahaia Sancho el Sabio Vital Fundazioko zuzendaritzak, 'Sancho el Sabio' aldizkariko zuzendaritzak eta teknikariek osatuko dute, eta 1.000 euroko saria gehi argitaratua izatea lortuko dituen lana aukeratuko dute. Lehiaketaren oinarriak interesa duen ororen eskura daude fundazioaren egoitzan eta www.sanchoelsabio.eus webgunean.