Tokiko Gobernu Batzarrak aste honetan esleitu zuen Udalaren tutoretzapeko apartamentuetan bizi diren adinekoei laguntza emateko kontratua. Kontratuak langileen eta arreta-orduen igoera jasotzen du. Zerbitzua Nafarroako IDEA Servicios Sociosanitarios enpresak emango du datozen bi urteetan, eta horren kostua 1.390.944,84 eurokoa izango da.

Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailak adinekoentzako tutoretzapeko sei apartamentu multzo ditu: 218 plaza guztira. Apartamentuak Tomas Zumarraga Dohatsuan, Blas de Oteron, Olarizuko Santa Marian, Bizia-Pablo Nerudan, Ramiro Maeztun eta San Antonion daude.

Ostatu-baliabideak arreta ematen dieten pertsonen egungo profiletara egokitzeko prozesuaren barruan, Tomas Zumarraga Dohatsuaren eta Blas de Oteroren apartamentu multzoak kudeatzeko 2023an sinatutako kontratuetan, arreta balioaniztuneko profesionalaren figura sartu zen (integratzaile soziala). Orain, Olarizuko Santa Mariako, San Antonioko, Ramiro Maeztuko eta Biziako tutoretzapeko apartamentuetan adinekoei laguntza eta arreta emateko kudeaketa-kontratu berrian, bi berritasun gehitu dira.

Alde batetik, zuzeneko arretako profesionalek (familiako langileek) ematen duten laguntza handitzea. Hala, astelehenetik igandera 15 orduko zuzeneko arreta ematen da zentro bakoitzean, 08:00etatik 22:00etara, eta txanda desberdinetako profesionalen artean koordinazioko eta baterako zereginetako ordu bat dago ezarrita. Familiako langilearen eginkizun nagusiak honako hauek dira: egunerokotasunean, bertan bizi direnak gainbegiratzea eta laguntzea (arreta pertsonaleko lanak, etxeko lanak, lagun-egiteak, medikazioa gainbegiratzea…); eraikinean bizi diren pertsonei euskarri emozionala eskaintzea; eta egoiliarren harreman-bizitza dinamizatzea, isolamendua saihestuz eta sozializazioa bultzatuz. 

Bestalde, Olarizuko Santa Maria, San Antonio, Ramiro de Maeztu eta Bizia apartamentuetan erabilera anitzeko arretarako figura profesional berria (integratzaile soziala) gehitu da. Eginkizun nagusi hauek ditu: administrazio-lanak egitea erabiltzaileek hala eskuordetuta; etxeko kudeaketako eta antolaketako lanak egiten aguntzeko jarduerak antolatzea eta prestatzea beharra duten pertsonen kasuan, medikuaren kontsultara, kudeaketak egitera, erosketetara eta abarretara laguntzea, eta jarduera zehatzak programatzea eta garatzea autonomia pertsonala, aisialdia, harreman pertsonalak eta abarrak landuz.

“Berrikuntza horiekin, Udalaren tutoretzapeko apartamentuetan bizi diren adinekoei ematen zaien arreta hobetuko dugu. Ordutegi zabalagoa eta profil profesional berriak, erabiltzaileek gero eta premia handiagoak eta, askotan, familiaren laguntza txikiagoa dituztelako”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok, Gizarte Politiken zinegotziak.