
Oso bestelakoa zen txoko batekin amets egiten zuen Aitor Fernández mendigurendarrak. Bizikleta hartu eta txoko horren bila joan zen: Nordkapp izan zen bere helmuga.
Hemulga baino, abiapuntua izan zen Nordkapp. Erronka baten hasiera. Aitor Fernández Ortega arabarrari piztu zitzaion irrikaren ardatz. Mendigurenen esnatu zen 34 urteko irakasle gaztea; bizikleta gainera igo eta pedalei eragin zien bi hilabetez, Laponiara heldu zen arte. "Egokitze bidaia" dio berak. Sei mila kilometroko moldaketa bidaia. Goazen ba Iparbururaino eraman zuen bidean barneratzera.
Mendigurenetik abiatu zen txirringaz, baina Sanferminetako egun hartan ez zuen, betiko legez, Gasteizerako norantza hartu -egunero bizikletaz egiten ditu Aitorrek lantokiraino dituen zazpi kilometroak-. "Mapa kutre bat hartu" eta aurrera egin zuen. Mapa bakarrik ez: sukaldatzeko gailuak, lo egiteko kanping denda eta bizikleta konpontzeko tresnak barne, guztira 45 kilotako zama eraman zuen Aitorrek, "badaezpada... Erokeria bat izan zen!", dio. Motxilan, euskal literatura liburuak eraman zituen ere; horien artean Jon Arretxeren Harresi Handirantz: istorio honen protagonistak bezala, arabarrak ere aitonak izan zituen iparrorratz, gidari -eta txakurrak, tarteka, nahitaezko bidailagun-.
Leku ttipietan bilatu zuen apartekotasuna: "Jendez eta azpiegitura erraldoiez gainezka dagoen herrialde ñimiño batean bizi gara, eta nik oso bestelakoa zen txoko batekin amets egiten nuen", dio. Bizikleta gainean, hiriak armiarma-sare bilakatu daitezke. Horregatik, "hiriburu handietan sartzen saihestu" zuen, "kotxez sartu eta irteteko eginda baitaude". Araba atzean utzi eta "poliki-poliki", Lizarra, Iruñea eta Donibane-Garazi zeharkatu zituen, ondoren Landetan eta Frantziako pinudi-lautada zabaletan barneratzeko. Belgika egun bakar batean gurutzatu zuen, "egun on" eta "gabon" bana esanez. Ondoren Alemanian barruratu zen. "Alavanian", dio, Lautadarekin duen antzekotasunari aipu eginez.
Hurrengo etapak paradisu trazak zituen. Bizikleta-zaleentzat behin tzat, aingeruak ere bi gurpilen gainean ibili omen baitira Herbeheretan. Ordurako, bakarrik dihoazen bidaiarien sindromea pairatzen hasia zen Aitor. Alegia, bakardade eta inkomunikazioaren sintomak. "Hausnartzea ondo dago, baina egia esan, hausnartzeko denbora gehiegi izan nuen", aitortzen du bere buruari "hitzontzi" kalifikatiboa eransten dion abenturazale arabarrak. Beldurra sentitzeko ere denbora soberan izan zuen: "Pentsa, gauean, baso galdu baten erdian, hartzak inguruan zebilela jakinik...". Gainera, bizikleta etsai bihurtzen hasi zitzaion, "apurtu zitekeen guztia apurtu baitzen".
Herbeherak utzi eta Danimarkara abiatu zen. "Dezepzio bat", laburbiltzen du. Eta segituan Suediara. Bertan, "erdi-trol batek datu kezkagarria" eman zion: lurralde horren hegoaldeko basoen %0,2 besterik ez da hango betiko basoa". "Gainon tzekoa, letxuga insignis erraldoiek beteriko txokoak dira", azaltzen du. Altxor basatien bila abiatu zen Mendigurenetik, eta han ere, etxeko lorontziaetan bezala, gizakien aztarna aurkitzea saihestezina zen.
Laster hasi zen "abenturaren amaiera", Eskandinavia eta Finlandiako hiriburuak lotzen zituen ferryan, hain zuzen. Eta handik gutxira, Laponia. Laponia! Ez da, ez, ohiko jomuga turistikoa. Arrunta da Salouen taberna euskaldun bat aurkitzea, edota Kadizeko hondartzetan auzokidearekin topatzea. Baina, tira, txirringan ikurriña bat eramatea nahikoa izan zitzaien bi euskaldunei Laponian topatzeko: "Oiartzuar batekin topo egin nuen; bide bera egin zuen berak, baina hiru eguneko abantailarekin. Ekialdetik jarraitu zuen bidaia, eta oraindik handik ibiliko da", kontatzen du mendigurendarrak.
Iraila zen jadanik. Bere bizikleta matxuratua saltzen saiatu zen, baina alferrik. Oparitzen ere saiatu zen, baina alferrik ere. Orduan, erremintak hartu eta, "pena handiz", txikitu egin zuen bere konplizea. Xedea lortua zuen eta, espejismoak bezala, xedeak atzamarretatik labain egin zion, urtuta. Hegazkina hartu eta Gasteizera berriro; bizikleta berria erosi eta berriro, egunero, Mendigurenetik lanerako 7 kilometroak pedalei eraginez egiten ditu. Hurrengo otsailaren 19an -astelehena-, diaporama saio bat eskainiko du Parral Tabernan arratsaldeko 20.30etan Geu Gasteiz elkartearen eskutik. "Sentsazioak hozkailutik atera" eta elkarrizketan berotzeko.
© DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA
Avda. Gasteiz 22 bis 1ª Oficina 13 · Vitoria - Gasteiz · ÁLAVA ·
Tel 945 163 100 · Fax Administración
945 154 344 · Fax Redacción 945 154 346
Oficina Comercial Calle Portal del Rey, 24 (Esquina calle Paz). Tel 945 201000. Correo electrónico oficinacomercial@noticiasdealava.com
Enlaces patrocinados:
Limpieza |
Alquiler de coches |
Viajes |
Tatuajes |
Decoración |
Peluquerías |
Pintores |
Muebles de cocina |
Casas rurales |
Apartahoteles |
Pisos e inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Electrónica |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Cirujanos y cirujía estética |
Restaurantes |
Guarderías |
Gimnasios |
Informática |
Bancos |
Trabajo |
Hosting |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |