Saltar al Contenido

xabier amuriza idazlea

"Osasunak, argitasunak eta adinak laguntzen badit zazpi edo zortzi bat liburutara iristeko asmoa daukat"

Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak bizi izan dituen garaiak eta uneak literatura egiteko motibo erabili ditu 'Olatu bat kuartelen gainetik' eleberrian. Ziklo luze baten parte den hirugarren lan hau, idazleak gaur aurkeztuko du Donostian 19.30ean.

dna - Jueves, 11 de Marzo de 2010 - Actualizado a las 08:04h

Xabier Amuriza Berrizen duen etxe inguruan.

Xabier Amuriza Berrizen duen etxe inguruan. (Iban Gorriti)

Galería Noticia

Donostia. Xabier Amurizak (Etxano 1941) Joan ziren zikloaren hirugarren eleberria idatzi du, Olatu bat kuartelen gainetik. Dinosauroak horizontean (2007) izan zen lehena eta Orain ezin naiz hil (2008), bigarrena. Oraingoan, historia Euskal Herriko 1960. hamarkadan kokatu du, haren ustez bizi izan duen garairik "esplosiboena".

"Olatu bat kuartelen gainetik" lana, aurrekoen "Dinosauroak horizontean" eta "Orain ezin naiz hil" liburuen jarraipena da. Zerk lotzen ditu?

Joan ziren da lanen izenburu orokorra, nahiz eta hirugarren honetan ez den azaltzen. Asmoa literarioa da eta konparazio pedantetzat har daitekeen arren, Marcel Proustek sortu zuen Denbora galduaren bila lanaren antzeko zerbait da. Hark Denbora galduaren bila zikloaren barruan zazpi liburu ditu eta bere bizialdia, mundualdia eta bere Paris hartatik ateratzen zituen literatura egiteko gaiak. Nik ibilbide luzea egin behar nuela ikusi nuen eta izenburu orokor bat jarri nion proiektuari. Liburu bakoitzean aro bat hedatzen dut eta ikusi edo bizi izan dudan Euskal Herri honetatik ateratzen ditut literaturarako gaiak eta motiboak. Bizialdi luzea denez, banaketa handi bat egin nuen. Lehenengo bietan nire haurtzaro eta gaztaroan kokatzen ditut, hirugarrena 60ko hamarkadan kokatzen da eta laugarrena ere hor ibiliko da.

Orduan, autobiografikoa dela esan daiteke?

Proustena autobiografikoa zen? beno pixka bat bai. Nahiz eta fikziorik handiena egin autoreak bere pentsaera, izaera eta sentiera isla-tzen ditu. Batzuetan protagonista ni izenenaren bidez azaltzen denean identifikazioa sor daiteke, baina ez dut inola ere autobiografia egiten. Gertaera batzuk egiazkoak dira eta abiapuntuak ere benetakoak dira, baina garapena ez zen horrelakoa izan. Motiboak hartzen ditut gertaera hauetatik, liburuan agertzen den olatu horrek ni harrapatu ninduen eta bai, hor nago ni eta orduko aro guztia. Nolabait autobiografikoa izan daiteke baina nik ez dut bizi-tzaren kronika bat egin nahi izan. Helburua literarioa da, ikusi eta bizi izan ditudan une eta inguruetatik neure literatura egiteko gaiak ateratzea.

Hirugarren lana lehenengoan abiatutako fenomeno esplikaezin baten garapena dela diozu. Zein da fenomeno hori?

Fenomeno hori lehen liburuan gertatzen da. Hasierako abiapuntua horixe da, protagonista egun batez kalera ateratzen da eta ez du inor aurkitzen -hortik dator izenburu orokorraren zentzua: Joan ziren-. Protagonista bakarrik gelditzen da munduan eta konturatu arte denbora igarotzen da. Orduan, biziraun egin behar du, aurrera egin. Egoera honetan biziraupenezko prozesu bat sortzen da. Biziraupenarekin batera, norekin hitz egin ez duenez, bere buruarekin eta oroimenarekin bakarrik gelditzen da. Bi egoera hauek era paraleloan gertatzen dira, oroimena edo pentsamena batetik, eta biziraupenaren prozesua bestetik. Hirugarren honetan, itsaso aldera iritsi da, Lekeitioko ingurura. Banekien bertan neure iragana, apaiz izan nintzen garaia , aurkituko nuela eta horretan doa.

Denak joan dira hortaz.

Bai, artifizio literario bat da. Fenomeno hori gertartu zaio nahiz eta ez duen berak erakarri. Honek badu gizartearekin zerikusia. Norbanakoan, bakarrrik, egiten dugu denbora gehien. Bagara gizaki sozialak baina, batez ere, gizaki indibidualak gara. Sufritu elkarrekin egiten dugu baina pentsatu bakarrean. Goizean kalera atera eta eguna aurrera joan ahala inor aurkitzen ez baduzu zer egin behar duzu? Berak ez daki zer gertatu den baina badaki bakarrik gelditu dela eta aurrera jarraitu behar duela. Hasieran izugarrizko hondamendia izango da. Badu egiatik ere, geure buruarekin bakarrik gelditzen garen une hori bizitza guztira luzatzea, hor da gertatu zaiona.

Zergatik izenburu hori?

1960ko hamarkadan, Lekeitio inguruan ibili nintzen apaiz moduan. Orduan hurbildu nintzen itsasora benetan. Garai hura bizi izan genuenentzat, ezagutu dugun hamarkadarik esplosiboena izan zen. Denbora laburrean izugarrizko aldakun-tza gertatu zen Euskal Herrian eta munduan oro har ere. Hemen diktadura gordin-gordin batean bizi ginen, izugarrizko iluntasun eta bildurpean eta urte gutxitan gauza asko irauli ziren. Itsasora hurbildu eta horizonte guztiaren zabaleran olatu bakar bat zetorrela ikusteak inpresio handia egin izan dit beti. Irudi literario moduan aro hura adierazteko metafora ederra iruditu zitzaidan. Olatu bakar bat zen gora zetorrena, olatuaren barruan geunden eta olatuari bultzaka ari ginen. Horrela gogoratzen ditut urte horiek, eta izenburuak dioen bezala, kuartelen gainetik ere pasatu zen.

Pizkunde edo "olatu" politiko eta moral handi baten sorrera izan zen.

Bai eta oso denbora laburrean. Objektiboki, urte gutxiren buruan, gazteriaren olatu orokor horrek mentalidade aldaketa handia ekarri zuen. Frankismo gordinaren barruan sortu zen pizkunde orokorra izan zen. 1964tik 1972ra Euskal Herriak astindu itzela bizi zuen.

Protagonista bakarrik badago, nola eraiki dituzu harremanak?

Harremanak bere oroimenean daude eta berak sortzen ditu. Ibilera horretan aurkitzen ditu baina ez dira existentzia errealekoak, oroimenari etekina ateratzeko modu bat da. Gauzak konplikatuz joango zaizkio bakarrik gelditzean, gizaki arrazionala izaten jarraitzeko ahalegin handiak egin beharko ditu. Gizartea bere buruan dago eta orduan bere biziraupena eraiki behar du. Ez dago iraganik eta gauzak kronologikoki gertatzen dira, beraz, irakurleak gauzak gertatzen ari diren unean ikusten ditu. Irakurlearentzat jende hori badago, protagonistarentzat ez dauden arren.

Orain bizi garen aroraino iristeko asmoa duzu?

Bai, hori da asmoa. Ni ere urteetan aurrera noa eta ez dakit astia emango didan. Ez dakit udazkenerako laugarrena bukatzera iritsiko naizen. Euskarari buruzko saiakera bat argitaratzekoa naiz orain eta beste gauza batzuk ere nahasten zaizkit. Osasunak, argitasunak eta adinak laguntzen badit zazpi edo zortzi bat liburutara iristeko asmoa daukat.

Bizitza oso bat irudikatzea al da helburua?

Irudikatzea baino gehiago motiboak hartu nahi ditut. Argi daukat nire literatura neuk bizi izan ditudan motiboetatik eraiki nahi dudala. Oraingo euskal literaturan konplexu handi bat dagoela uste dut, askok atzerrietara eta izen arrotzetara jotzen dute motiboen bila. Ni, horretan, Arestiren eskolakoa naiz. Hemengoa naiz eta hemen kokatzen dut nire literatura egiteko konposizioa eta fikzioa. Hemendik abiatu nahi dut joan behar dudan mundu klase guztietara iristeko. Euskal Herrian bizi izan dugunarekin motibo eder asko dauzkagu literatura egiteko. Unibertsala bihurtuko naiz kalitateak ematen badit, ez kokapenak. Bide batez, hemengoaren testigantza bat ematen dut, hauxe naiz, hemengoa naiz eta hemendik ateratzen ditut gustu handiz literaturarako motibo guztiak.

votos comentarios

(?)

Herramientas de Contenido

Cargando comentarios...

Gracias por su comentario

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

  • Avda. Gasteiz 22 bis 1ª Oficina 13 Vitoria - Gasteiz
  • Tel 945 163 100, Fax Administración 945 154 344, Fax Redacción 945 154 346

  • Oficina Comercial: Calle Portal del Rey 24 (Esquina calle Paz), Tel 945 201000, oficinacomercial@noticiasdealava.com